ADARRAMENDI ABESBATZAREN AURKEZPEN-KONTZERTUA
2026ko ekainaren 11, osteguna – 20:00etan
Urnietako San Migel eliza
Adarramendi Abesbatzak aurkezpen-kontzertua eskainiko du Urnietan, Easo Abesbatzarekin, talde mistoan, batera.
Adarramendi 2025aren amaieran Urnietan sortutako abesbatza berria da, Easo Abesbatza Elkarteak Urnietako Udalarekin elkarlanean sustatu eta bultzatutako proiektua. Ekimenaren helburua kantu korala herrira hurbiltzea eta herritarrei musikaz gozatzeko eta ahots-talde bateko kide izateko aukera eskaintzea da.
Adarramendi izena abesbatzako kideek beraiek aukeratu zuten, proiektua Urnietako sustraiekin eta herriaren nortasunarekin lotzeko asmoz. Lehen entseguetatik, astero elkartuz, taldea pixkanaka hazten eta sendotzen joan da, Josu Elberdinen zuzendaritzapean eta Gorka Mirandaren laguntza eta babes musikalarekin.
Adarramendi sortzea Easo Abesbatzaren lan-ildoetako baten erakusgarri da: abesbatza berriak sustatu eta sortzea, taldean kantatzeko zaletasuna bultzatzea eta Gipuzkoako herri desberdinetan musika-jarduera garatzen laguntzea.
Kontzertu honetan, Adarramendi Abesbatzak eta Easo Abesbatzak, talde mistoan, agertokia partekatuko dute. Bi taldeak lotzen dituen harremana eta musika korala zabaltzeko duten konpromiso partekatua agerian geratuko dira emanaldi honetan.
Hitzordu berezia izango da, Urnietako abesbatza berri baten sorrera ospatzeko eta haren musika-ibilbideari hasiera emateko.
