Logelan logale Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleei zuzendutako kantata bat da, eta Euskadiko Orkestrak 2025eko maiatzean estreinatu zuen Donostian eta Gasteizen. Kontzertu parte-hartzaile honetan ikasleek Euskadiko Orkestrarekin batera abesbatza handiak osatuz abesten dute, horretarako bereziki sortutako obra interpretatuz.
2026ko apirileko Donostiako eta Gasteizko kontzertuetan, Easo Abesbatzako haurren koruek ere parte hartuko dute, proiektuari indar eta kalitate artistiko berezia emanez eta ekimenaren dimentsio pedagogikoa nabarmen handituz.
2026ko maiatzean kantata Bilbon estreinatuko da, oraingoan Bilboko Orkestra Sinfonikoa proiektura gehituta.
Logelan logale ARTIS+ Artea gizarteratzeko Europako proiektuaren parte da. Ekimena gure herrialdeko ikastetxeetan kantu korala sustatzeko eta hezkuntza bidezko inklusioa bultzatzeko sortu da.
Laburpena
Non dago errealitatea eta ametsaren arteko muga? Zenbat denbora eta pisu hartzen dute ametsek gure egunerokoan? Lo gaudenean eta esna gaudenean egiten ditugun ametsak leku berera iristen dira?
Protagonista bere ohean sartzen da, baina ezin da lokartu. Egunari errepasoa egiten dio, lasaitu nahian, baina nekatuegi sentitzen da loak har dezan. Gauaren ordu txikietan, muga hori zeharkatzen saiatzen den bitartean, zerbait edo norbait agertuko zaio. Zer izango da? Nor izango da? Bere burua izango ote da, azken batean?
Doinu eta kantu ezberdinen bidez kontatu eta kantatuko dugu bakoitzak ohera sartzen den unetik esnatu arteko istorio “fantasioso” hori; loaren eta ametsaren fantasiak eskaintzen dituen abenturak, guztion barne-munduak sortzen dituen soinu eta irudiekin.
