Euskadiko Orkestra: 40 urte
Lehenbiziko aldiz, nazioarte mailan sona gehien duten donostiar abeslarietako bik elkarrekin interpretatuko dute bel canto delakoaren konpositore garrantzitsuenetako baten opera komikoa, Parisko Ópera Comique-rako sortua.
Interpreteak
Euskadiko Orkestra
Easo Abesbatza
(Gorka Miranda, abesbatza zuz.)
Lucas Macías, zuzendaria
Guillermo Amaya, eszena zuz.
Enrique Sancho, eszenografia
Raquel Porter, figurinista
Ion Anibal, argiak
Elena Sancho-Pereg (Marie), Xabier Anduaga (Tonio), Damián del Castillo (Sulpice), Anna Alàs i Jové (Birkenfeld-eko markesa), Paula Iragorri (Krankenthorp-eko dukesa), Juan Laborería (Hortensius), Darío Maya (kaboa), Luken Munguira (baserritarra), Gerardo Quintana (notarioa).
Leonardo Moyano, piano errepikatzailea
Programa
“La Fille du Régiment”, G. Donizetti
Opera frantsesez, Guillermo Amayaren gaztelaniazko eta euskarazko elkarrizketekin.
Donostiako Musika Hamabostaldiaren ekoizpena (estreinaldia)
1. ekitaldia (55′)
Frantziarekin muga egiten duen Euskal Herriko herri bat hura okupatu nahi duten tropa frantsesengandik defendatzen ari da. Azkenean inbasoreak erretiratu egin dira, armistizioa berehala helduko baita. Hala ere, frantziar armadako 21 Erregimentuak herria bereganatu du modu “baketsuan”. Berkenfield markesa, Hortensio bere zerbitzariarekin, bidaian zihoan une horretan eta orain bere gaztelura itzuli beharko da, gerra-testuinguruak ez baitio aurrera egiten uzten.
Sulpice armadako sarjentua da. Duela 19 urte haur jaio-berri bat topatu eta adoptatu zuen, Marie, gaur egun erregimentuaren alabatzat dutena. Marie Sulpicerekin topatu da eta esan dio duela egun batzuk inguruko gazte batek labar batetik behera erortzetik salbatu zuela. Sulpicek, jeloskor, gogoratzen dio bera soilik erregimentuko norbaitekin ezkondu ahal izango dela, erregimentuaren baimenarekin, zeina, azken batean, bere aita den. Ustekabean erregimentua azaldu da, Tonio preso duela: atxilotu egin dute soldaduen kanpamentuaren inguruan zebilelako. Espia izatea leporatzen diote, baina Mariek salbatu egiten du gertatu zitzaiona kontatuz, Tonio izan baitzen bizitza salbatu ziona. Beranduago, Toniok Marierekin bakarrik geratzea lortzen du une batez. Elkarri amodioa aitortzen diote, baina Sulpicek harrapatzen ditu. Honek banatu egiten ditu eta Toniori Marieren promesa kontatzen dio. Erregimentuko norbaitekin ezkondu ahal izango da soilik. Tonio atsekabetuta atera da, baina bere maitearen aita guztiekin hitz egiteko asmoa du, iritzia alda dezaten.
Sulpicek Markesarekin eta Hortensioekin egin du topo. Markesak babesa eskatzen dio bere gaztelura heldu ahal izateko. Berkenfield izena entzutean, Sulpicek gogoratzen du Marie jaioberria topatu zuenean harekin zeraman eskutitza. Antza denez, Marie Markesaren iloba da, eta beste familiarik ez duenez, bere ardurapean egon beharko luke. Berarekin joan behar duela erabakitzen du eta Sulpicek onartu egin behar izaten du. Bestalde, Toniok, Marierekin ezkondu ahal izateko, armadan izena eman du. Elkar maite dutela onartutakoan, soldaduek ezkontzeko baimena eman diete. Baina Markesa eta Sulpice heldu dira eta Mariek alde egin behar duela diote, maiteminduak atsekabe handiz banaraziz.
Pausa
2. ekitaldia (55′)
Berkenfieldeko Markesak eta Krakenthorpeko Dukesak Marie Dukesaren semearekin, hau da, Dukea izango denarekin ezkontzea hitzartu dute. Ezkontza-kontratua prestatu dute notarioarekin batera. Gero, Markesa, gerrako zauri batzuetatik sendatzen ari den Sulpiceren laguntzaz, Marieri heziketa eta manera bikainak irakasten ahalegintzen da. Mariek ez du ikasten, saiatuta ere. Bakarrik eta triste geratzen da, baina bat-batean erregimentua azaltzen da Toniorekin. Hau kapitaina da orain eta haren bila etorri da. Markesak geldiarazi eta alde egiteko eskatu dio. Markesak Toniori Mariaren eskua emateko asmorik ez duenez, Toniok jakinarazten du markesak ez duela inoiz ahizparik izan, eta, beraz, ezinezkoa dela Marie bere iloba izatea. Tonio badoa, baina soilik markesari hausnarketarako denbora emateko asmoarekin. Itzuliko dela ziurtatzen dio. Markesak, Sulpicerekin bakarrik dagoenean Marie izatez bere alaba dela aitortzen du. Eta Marie dukearekin ezkontzea dela Mariek bere jabetza eta titulu guztiak oinordetzan jasotzeko modu bakarra, eskandalua saihestuz.
Ezkontza eguna heldu da. Gonbidatuak sartu dira eta dukesak itxoiten duen bitartean, lurralde horretako kantu tipiko bat abesten du. Marie Toniorengana ihes egiteko prest zegoen, baina Markesa izatez bere ama dela jakiten duenean Dukea izango denarekin ezkontzea onartzen du, hari ekarriko liokeen desohorea saihesteko. Ezkontza burutu baino lehen, Tonio heldu da ustekabean, erregimentuarekin. Markesak amore ematen du bi maiteminduek elkar nola maite duten ikustean, eta, Dukesaren harriduraren eta gainerakoen pozaren aurrean, Tonio eta Marieren arteko ezkontza onartzen du.