Easo Sinfonietta orkestra ez-profesionala da, 2023ko irailean sortua, helburu argi batekin: musikari amateurrentzat orkestrako esperientzia bizitzeko eta Gipuzkoa nahiz Euskal Herriko kontzertu-sarean parte hartzeko gune bat eskaintzea. Hasieratik adin eta prestakuntza-maila guztietako musikariak bildu ditu. Batetik, irakaskuntzan aritzen diren musikari profesionalak elkartzen dira bertan, taldean jotzen eta musikaz gozatzen jarraitzeko espazio baten beharra dutenak; eta bestetik, musika ikasleak, baita urte luzez beren instrumentua ikasi eta gaur egun beste lanbide batean ari diren musikari amateurrak ere. Guztiei ematen die orkestrak beren alde artistiko eta interpretatiboa lantzeko aukera.
Easo Sinfonietta-k 2024ko martxoan egin zuen debuta, Pasai Antxoko Aste Musikalean. Ordutik hainbat jaialditan hartu du parte: Donostiako Musika Hamabostaldian, Egia ala geRuza haur operaren estreinaldiarekin; musika garaikideko “Musikagileak” jaialdian; eta diziplina anitzeko “Distirabirak” jaialdian, 2024ko urrian Chillida Lekun ospatu zena. Halaber, Adinberri fundazioak antolatutako “Hariak Kantuz” III. Gabonetako Kontzertuan ere parte hartu zuen.